Izate eta helburua:
Goñiko Udalekuan, gaur eguneko gizarteak eskaintzen
dituen baloreez gain gizartean lantzen ez diren hainbat helburu eta ideiei
eman nahi diegu tartea... elkarlana, talde lana, hezkidetza etab. Balore
guzti horiek, Euskal Herri osoko haur guztiei transmititzea da gure nahia.
Goñiko udalekuan lan egiten dugunok, borondatez egiten dugu, proiektuan
eta balore horietan sinisten dugulako.
Helburu nagusia, udalekura datozen haur guztiek ondo
pasatzea da. Ondo pasatzea bai, baina nola? Euskaraz eta euskal kulturan
eta giroan murgildurik. euskara hutsean aritzeko eta bizitzeko aukera
badagoela azaldu nahi diegu Euskal Herri osoko haurrei.
Gainera,udalekuak eta Goñiko herriak ematen dituen aukerez baliaturik,
balore guzti horiek, naturarekin bat eginik ikasiko dituzte, eta nola
ez, berau maitatzen eta errespetatzen.
Natura eta euskarak guztion balore eta ondare izan behar dutelako!!!!!!!
Manu
Pirataren mezua
7 itsasoetan barrena ibili ondoren, lortu dut azkenik
nire altxor guztiak gordetzeko leku paregabea. Teodosio, Goñiko
jauna zenaren eskuetatik jaso nuen bertara iristeko mapa, eta orain zuen
eskuetara iritsiko da. Toki izugarri hau ezagutu nahi baldin baduzue jarraitu
itzazue mapa honetako pistak.
Non nagoen asmatzen duzuenok zuen zain izango gaituzue,
bai ni neu eta baita bertan nirekin bizi diren sorgin, lami eta basoko
biztanle guztiak. Manuren piratakide izateko balentria duzuenok, hemen
aurkituko dituzue nahi beste altxor, istorio, misterio eta abentura.
Nire itsasontzian zuentzat tokia dago, baina bidaia
ez da horren erreza izango, haserrarazten banauzue benetako kortsario
bihurtuko naizelako!! JA, JA, JA!!!
Azpiegitura
Baliabide aldetik, 140-160 haur hartzeko azpiegitura
trinkoa du Goñiko Dorrekoa Euskal Udalekuak. Horretarako, 3 pisuko
etxe sendo eta paregabeaz baliatzen gara; non haur guztientzako ohatzez
hornitutako logelaz gain, sukalde, jangela, gaubela gela, eritegi etab.
ditugun.
Etxetik kanpo, beste bi zelai ere badira haurren gozamenerako.
Herriko frontoian eskuz nahiz palaz pilotan egin daiteke.
Goñi, Andia mendilerroan kokaturiko herri txiki
eta lasaia da. Bere kokaguneak aukera bikaina ematen du zenbait mendi
irteera egiteko, natura ezagutu, gozatu eta errespetatzen ikasteko; hirian
ikusten ez diren animaliak ikusi eta maitatzeko.
Gainera, kondairak dioenez mendilerro honetan bizi
izan zen aspaldi batean Goñiko Teodosio zaldun ausarta bizi izan
zen. Berak lagunduko digu txoko berak ezagutu eta altxor berriak aurkitzen.
Zatoz gure Teodosioren kondaira ezagutzera!
Ekintza
bereziak
NATURAREN EGUNA
“Naturaren baitan gara eta natura gara gure
baitan”. Hau egunero sentitzen da Goñin, baina hala ere,
egun oso bat hartzen dugu honetaz jabetzeko eta gozatzeko ibilaldi bat
eginez. Pagadi freskoetan hasi eta haritz urtetsuz jositako goilautada
batetik pasatuz Teodosioren lurraldeen ikusmira zabala aurkitzen dugu
aurrez aurre. Pagadi itxietara jaitsi eta zelai zabal baten talde jokoak
eginez amaitzen dugu ibilaldia. Bide guztian zehar hainbat zuhaitz, landare
eta animalien izen, ezaugarri eta aztarnak jolasgai bihurtzen dira.
EUSKARAREN EGUNA
Euskara da udaleku honen izateko arrazoi nagusi bat.
Horregatik gure udalekuan konstante bat da euskal kulturaren ezagutza
eta hurbiltasuna. Txanda guztian zehar euskara maitatzen eta honen erabilera
sustatzen saiatzen gara. Euskararen eguneko ekintzak horretara bideratzen
ditugu zuzenean; korrika txikiak, herri kirolak, euskalki festa eta sorpresa
ugari!
GAUBELAK
Egun mugituaren ondoren, oheratu aurretik gaubela
oparoak egiten ditugu, gaubela-gelan bildu eta haurrek beraiek prestatutako
antzerkiak, begiraleok sortutako esketxak, ipuinak eta gure kantak baliatuz
amaiera gozoa ematen diogu egunari. Bizpahiru egunetan, eguraldia lagun,
gau-suak egiten ditugu, goiko zelaian egindako suaren inguruan bilduta
izarpean eginez gaubela.
|